Urola Garaiko ETEk berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko prest dute Hazinnova ekimen berria

Urola Garaiko 40 ETEk (6-99 langile bitartean dituzten enpresak eta aurretik berrikuntza-jarduerarik egin ez dutenak) erabilgarri dute dagoeneko UGGASAk bideratuko duen Hazinnova zerbitzu berria.

 SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak joan den martxoan abiarazitako ekimen horrek 500 proiektu inguru jarriko ditu martxan enpresa parte-hartzaileen berrikuntza- eta lehiakortasun-indizeak hobetzeko.

Hazinnova ekimenak 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Duela gutxi argitaratutako Europako txosten batek berretsi du ekimen honen garrantzi estrategikoa. Regional Innovation Scoreboard 2019 txostenaren arabera, Euskadik azken zortzi urteotan bere berrikuntzako errendimendua hobetu duen arren, hobekuntza hori ez da nahikoa izan Euskadik Berrikuntza-maila Handiko Eskualdeen multzoan jarrai dezan, Europako batez bestekoa gehiago hazi baita. Ahulezia handiena ETE txikienek erakutsi dute.

Ekimen honi esker Urola Garaiko ETEk, antolatzeko modu berriak eta produktu nahiz zerbitzuak merkaturatzeko metodo berriak ezartzeko aholkularitza jaso ahal izango dute.

Gehienez bi mikro-proiektu abiaraz ditzakete urtebetean arlo hauetako batean: ekonomia eta finantzen kudeaketa, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak eta merkatu berriak. Horrez gain, marka eta erregistroen arloko behar adina mikro-proiektu egin ahal izango dituzte.

Hazinnova ekimenak lehentasunezko jarduera-sektore batzuk finkatu ditu berrikuntza proiektuen onuradun izan daitezkeen ETEentzat. Industria sektorean lehentasunezko jarduerak izango dira manufaktura, erakusketa, energia-hornikuntza eta uren eta hondakinen kudeaketa; hirugarren sektorean, aldiz, lehentasunezkoak izango dira industriarekin zerikusia duten zerbitzuak, informazio teknologiekin lotutako jarduerak, handizkako merkataritza, garraioa eta biltegiratzea, finantza jarduerak eta aseguruak.

 HARREMANETARAKO:

Iosune Telleria

943 72 54 06

itelleria@uggasa.eus

Comments are closed.