Garapen Jasangarria

Gereziondo japoniarra

Gereziondo japoniarra (Prunus serrulata “Kanzan”)

Urretxu eta Zumarraga arteko bidegorrian edo Legazpiko Euskal Herria plazan, martxoa eta apirila bitartean ibili bazara, zuhaitz hauen adarretatik zintzilik ikusiko zenituen loreek, ez zintuzten epel utziko.

Adarretik gertu bere enborrari erreparatzen badiozu, ziur asko orbain zahar bat ikusiko duzu, eta horrek txertatutako espezie bat dela adieraziko dizu. Normalean Prunus avium gereziondo arruntean egiten da, baina honek ez bezala, japoniarrak ez du fruiturik ematen.

Badirudi Kanzan izenak Japoniako poesia klasikoan mendiz inguratutako bailara bateko herrixka baten irudia gogorarazten duela. Txineraz “mendi hotza” esan nahi du, eta, hain zuzen ere, zuhaitz horrek oso ondo jasaten ditu neguko izozteak eta udako tenperatura leunak, klima tropikala, aldiz, ez du jasaten. Aldaketa klimatikoak gure latitudeetan lantzeko ahalmenik gabe utziko gaitu?

Japoniako Hanami edo zuhaitzen loraldiaz gozatzeko festaz gain, Washington D.C.n gereziondoak loretan ikusteko jaialdi nazionala ospatzen da urtero. Tokioko alkateak 1912an hiriari emandako 3.000 aleko oparia ospatzen da, eta kolore arrosak janzten ditu landatutako eremuak aste batzuetan.