Garapen Jasangarria

Lawson altzifrea

Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana (A.Murray) Parl.)

Altzifre faltsua da zuhaitz honen beste izenetako bat. Benetako altzifretik erraz bereizteko, begiratu hostoak nola kokatzen diren. Ezkata txikiak dirudite, bata bestearen gainean plano bakar batean, norbaitek lisatu izan balitu bezala; beraz, esku artean hartzen badituzu, ez duzu ziztadurarik nabarituko eta ez duzu zailtasunik sumatuko esku-azpia bata bestearen gainean mugitzeko. Benetako altzifre-adar batekin berdina egiten baduzu, nolabaiteko erresistentzia topatuko duzu, hostoak ardatz nagusiaren inguruan norabide desberdinetan jaiotzen baitira.

Beste ezaugarri bat deigarri egingo zaizu martxoa edo apirila aldera, hostoen amaieran kolore gorriko puntu moduko batzuk agertzen direnean. Kono arrak dira, bertatik aterako da polena, eta lehortu ondoren, kolore hori-arrea hartuko dute.

Bere jatorriko herrialdean, Oregonen, 65 metrotik gorako altuera eta 180 cm-ko diametroa izan dezakete. Europan, batez ere etxebizitzetako lorategietako itxituretan ikusiko dituzu heskaiak osatuz. Baina landaketen ondotik ibili bazara, ez al duzu itomen-sentsaziorik sumatu? Leku batzuetan inbaditzaile bihurtu da, eta bere azpian ez da landarerik hazten, oso argi gutxi iragazten delako adarren tartetik. Honek zuhaitz berari ere eragiten dio, azpiko adarrak galtzera iritsi arte.