Garapen Jasangarria

Lizarra

Lizarra (Fraxinus excelsior L.)

Zeltiar kulturan eta Euskal Herrian, magikoa edo sakratua zen zuhaitz baten aurrean aurkitzen zara. Ez dago tximistaren aurkako babes hoberik, ekainaren 24ean, San Juan egun goizean bertan moztutako lizar-adar bat, atearen markoan jartzea baino. Babes hori eraginkorra izan dadin, hilabete bereko 29ra arte mantendu beharko duzu, San Pedro eguna arte behintzat. Antzinako sinesmenen arabera, tximistak ez ziren inoiz lizarren gainera erortzen, eta hortik etor liteke, beharbada, antzinako ohitura hori.

Gure mendietan, lizarrak artzain borda askoren inguruan ikusiko dituzu. Tximistatik babesteaz gain, haien hosto eta adar gazteak kimatzen baitziren ganaduari jaten emateko, batez ere larre gutxi zegoenean.

Latinezko izena, hesia esan nahi duen phraxo hitzetik eratorritakoa da; Izan ere, erromatarrek, bere zura itxiturak eta hesiak egiteko erabiltzen baitzuten. Hemengo bordetan ere, arditegi edo
saroietako atakak egiteko erabiltzen zituzten moduan.

Bere erresistentziak eta malgutasunak ezinbesteko egur bihurtu zuten erreminta-kirtenak fabrikatzeko, hala nola, mailuak eta aizkorak, eta tenis-erraketak edo hockey-stick-ak bezalako kolpe etengabeak jasan behar dituen kirol-materialarentzako. Hala ere, material sintetiko arinagoak, karbono-zuntza adibidez, lizarraren zur astuna ordezkatuz joan dira.