OLGA
LASA

OLGA LASA

Psikologia Gabinetea


K O N T A K T U – D A T U A K

Latxartegi Kalea 7, 20320 Legazpi
Telefonoa: 615 78 96 01
Webgunea: http://olgalasapsikologia.com

Olga Lasa legazpiarrak psikologia gabinetea ireki zuen iazko martxoan. Bere ametsa beteta, bere kontsultara hurbiltzen diren legazpiarrei nahiz inguruko herrietatik datozenei bizi kalitatea hobetzen laguntzen die. Haurrak, nerabeak, gazteak eta helduak artatzen ditu. Beregana jotzen dutenak pertsona zentzudunak eta ausartak direla dio, izan ere, oraindik ere terapia psikologikoa egitea ahuldadearekin lotzen da, eta bere esanetan “halako laguntza jasotzeak emozionalki indartsuago bihur zaitzake eta egoera zailei aurre egiteko baliabideak eskein diezazkizuke”. Olgak terapia kognitibo-konduktuala eta terapia neuropsikologikoa egiteko aukera eskeintzen du eta, besteak beste, Padovan metodoa erabiltzen du.


Nolakoa izan da hona iristerainoko bidea?

Psikologian lizentziatua naiz. Estresaren eta antsietatearen kudeaketan espezializatu nintzen. Ikasketak amaituta parafarmazia bat ireki nuen beste lagun batekin Legazpin. Nik gabinetea jarri nuen bertan. Hamar urte eman nituen horrela lanean eta itxi genuenean gehiago espezializatu behar nintzela sentitu nuen.

Padovan metodoa aztertzen hasi eta formazioa jaso nuen horren inguruan. Hasera batean arrazoi pertsonalak asetzeko balio izan zidana, gaur egun nere lanaren atal garrantzitsu bihurtu da.

Zer da Padovan metodoa?

Padovan metodoa, 70. hamarkadan Beatriz Padovan pedagogo brasildarrak sortu zuen metodoa da. Berrantolaketa neurofuntzionala ere deitzen da. Neurogarapenaren faseak lantzen dituen terapia da, nerbio-sistema gaitzen edo bergaitzen duen lanketa.

Pertsonengan mugimendua, hizkuntza eta pentsamendua hasten direneko prozesuak gogoratzean datza, pertsonek gaitasun horiek egoki gara ditzaten.

Motrizitatea, zentzumenen estimulazioa, alde emozionala, hizkuntza eta funtzio kognitiboak lantzen dira.

Zertarako erabiltzen da?

Desorekak egokitzeko erabiltzen da Padovan metodoa eta haur zein heldu bati aplika dakioke. Garapenean atzerapen arazoak daudenean, hitz-motel, arreta, ikasketa edo portaera arazoetan, dislexia, autismo, down sindromea nahiz iktusa, Parkinsona edo eta Alzheimer kasuetan erabiltzen da, besteak beste.

Gorputzak 0-3 nahiz 7 urte bitarteko etapak errepasatu ditzan egiten da lan. Terapeutak burutzen ditu mugimenduak, izan ere, pazienteak mugimenduok inkonszienteke egitea da helburua, bere funtzio neurologikoetan integra ditzan.

Haserako mugimendua, adibidez, zintzilik dagoen hamaka batean egiten da, amaren sabela irudikatuz.

Terapeutak ariketa bakoitza ozen esandako olerki batekin laguntzen du, hala, erritmoa, arreta, entzumena, irudimena eta mugimenduen sinkronizazioa batera lantzen ditu.

Garrantzitsua da saioak erregularki errepikatzea. Beste gauza askotan bezalaxe, konstantziak ekarriko baititu emaitza onak.

Madrilen ikasi nuen eta Feli Oregirekin egin nuen lan Soraluzen.

Orduan erabaki zenuen zure gabinetea irekitzea?

Bai, prest nengoela sentitu nuen. Nekiena aplikatu eta behar eta nahi zuen horri laguntza eskeini nahi nion. Beharra sentitzen nuen. Parafarmazia itxi genuenetik beste lan batzuetan ere aritu naiz. Denetik egin dut. Taberna batean egon naiz, denda batean edo eta Alzeimerra zuen emakume bat zaintzen. Oso lan ezberdinak izan dira, baina hauetan guztietan pertsonen arteko harremanetan jarri dut fokoa, horri eman diot garrantzia. Urrats ezberdinak ematen joan naiz, baina beti norabide berdinean.

Zure espezialitatea Padovan metodoa da?

Terapia kognitibo-konduktuala eta terapia neuropsikologikoa egiteko aukera eskaintzen dut. Baina bai, Padovan metodoa, oso metodo eraginkorra dela uste dut eta ezagutarazi nahiko nuke, onura eta abantaila ugari baitakartza.

Gipuzkoa mailan, Soraluzeko, Feli Oregik eta nik erabiltzen dugu Padovan metodoa. Nik berekin egin nuen lan eta asko ikasi nuen. Euskal Herri mailan ere, ez dago oso hedatua, beste bik eskeintzen dutela uste dut. Metodo berritzailea da, hemen ez da oso ezaguna, baina oso baliotsua dela iruditzen zait.

Haurrak artatzen dituzu gehienbat?

Bai haurrekin egiten dut lan asko, baina, nerabeak, gazteak eta helduak ere etortzen dira. Nerabe asko etortzen da, adibidez, batzuk gurasoak behartuta, baina beste asko euren kabuz. Arazo edo hobetu beharreko zerbait badutela sentitzen dute, onartu egiten dute eta etorri egiten dira. Asko pozten nau horrek. Izan ere, orokorrean, tabu asko dago laguntza psikologikoa jasotzearen inguruan. Asko kostatzen zaigu laguntza eskatzea. Dena gure kabuz egin dezakegula uste dugu eta gure erara egiten dugu, baina askotan ez da bide egokiena izaten. Psikologoarengana etortzea ez dago ondo ikusita eta ahultasun seinale gisa interpretatzen da gainera. Baina askotan laguntza jasotzeak gauzak asko hobetu ditzake, eta batez ere erraztu.

Bestalde, badago gauzak hobetu daitezkeela uste ez duenik ere, edo hobetzeko ezer ez duela dioenik, baina baliteke behar izatea. Gure buruari erreparatzeko denborarik hartzen ez dugulako gertatzen da hori. Gurpil zoroan sartuta aurrera egiten dugu, geldiunerik hartu gabe, eta gure burua zaintzeko tarterik atera gabe.

Neretzat oso pozgarria da egiten dudana norbaiti lagungarri izan zaiola ikustea. Bere bizi kalitatea hobetzen lagundu diodala sentitzea.

Parafarmazia ireki zenutenean izan zinen ekintzaile eta orain berriro ere heldu diozu ekintzailetzari.

Bai, bigarrenez ekintzaile naizelako diozu? Askotan bildur diogu porrot egiteari, ezta? Behin saiatu eta “ondo” atera ez dela eta nola ausartuko naiz ba berriro? Parafarmaziak ibilbide bat egin zuen eta orain beste bat hasi dut. Nik horrela sentitzen dut. Bidez beteta dago bizitza, eta haietan ibiltzea dagokigu, ezta? Batzuetan bideak hasi eta bukatu egiten dira, eta beste batzuk luzeagoak izaten dira, baina gauza askoren menpe dago hori, ez dagokigu guri bakarrik. Baina norabidea da garrantzitsua, hori da norberak barruan daukana eta bilatu behar duena, jarraitu ahal izateko.

Zer esango zenioke ekintzailetzara urratsa eman nahi duen horri?

Ba esan dudana, argi eduki behar duela zein den bere norabidea. Hori da zailena. Norabidea argi baduzu, beste guztia erraz aterako da, bide batean zein bestean.

Horrekin ez dut esan nahi ekitea erraza denik, ezta gutxiagorik ere. Gauza asko eduki behar dira kontuan. Eta gauza askori erreparatu ere ez diegu egiten. Horregatik da hain garrantzitsua, bestela bizitzan gertatzen den bezelaxe, hemen ere laguntza eskatzea.

Ni UGGASArekin jarri nintzen harremanetan. Ideia duzunean, orduan jarri behar zara eurekin harremanetan. Negozioaren bideragaritasun plana egiten laguntzen baitizute eta aukera egokia den erabakitzen lagunduko baitizute.

UGGASAko laguntza teknikoaren gidaritzarik gabe ekitea oso zaila izango litzaidakeela uste dut, ia ezinezkoa, esango nuke. Ekitearen alde administratibo hori, tramiteak, dirulaguntzak, etab. hor oso babestuta sentitu naiz.

Ekintzaile izateko, ordea, bokazioa behar da, eta bokazio horretan sinestea. Gero jarrera kontua ere badela uste dut, nortasun kontua. Eta hori argi edukita ekintzailetzaren bidea hasi daitekeela iruditzen zait, hori bai laguntza teknikoa eskatu behar dela ahaztu gabe (barre egiten du).

Eskerrik asko Ainhoa zure lanarekin Urola Garaia garatzen laguntzen duzulako.

 

« »