UGGASAK HAZILAN PROGRAMAREN EDIZIO BERRI BATEKIN LANERATZEKO BIDEAK LANDU NAHI DITU LANGABEZIAN DAUDEN PROFESIONALEKIN

UGGASAk bideratutako Urola Garaiko HAZILAN programak VI. edizioa gauzatuko du apirilean hasi eta uztaila bitartean. Parte hartzaileek arlo ezberdinetako enpresetan 200 orduko praktikak burutu eta lana bilatzeko garrantzitsuak diren gaitasunak indartzeko formakuntza jasoko dute.

Ekimenean parte hartuko duten pertsonek UGGASAko teknikarien eskutik jasoko dute 80 orduko formakuntza Urola Garaiko Lanbide Eskolan, apirilaren 20tik 30era 9:30-13:30 ordutegian. Ondoren, eskualdeko enpresa ezberdinetan parte hartzaile bakoitzak bere profil eta interesen araberako praktikaldia burutuko du. Parte hartzeko hautaketa prozesua izen emate ordenaren araberakoa izango da.

HAZILAN proiektua goi mailako ikasketak dituzten 44 urte azpiko langabetuei zuzendutako ekintza plana da, laneratzeko aukerak eta bideak hobetzea bilatzen duena. Urola Garaiko Garapen Agentziak uste du, bizitzarako eta lanerako garrantzitsuak diren gaitasunak sustatzeko eta kudeatzeko eta nork bere burua ezagutzeko nahiz ezagutarazteko esperientzian oinarritutako ikasketa prozesu baliotsua dela.

Izan ere, UGGASAk, HAZILAN bezalako programak bideratuz eta Urola Garaia garatzeko bere konpromisoari eutsiz, enpresa, aditu eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea du helburu, arlo ekonomikoa sustatzeko eta gizarte ongizate osasuntsua lortzeko ekosistema aktibo bat sortuz .

Hala, UGGASAko enplegu orientatzaileak langabezian dauden profesionalentzat bide berriak erraztu eta garatzeko lanean dihardute, uneoro eskualdeko lan poltsa aztertu eta lanketak eginez.

Ekimenean parte hartzen dutenek kontaktuak egiteko aukera baliatu ahal izango dute eta lan merkatuan txertatzeko ikusgarritasuna ere lor dezakete.

Ekintza hau HAZILAN proiektuaren baitan egin da Euskal Herriko 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez. Proiektu honen finantziaziorako funtsen %50, EGIF-ek, Europako Gizarte Funtsak, eman du eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du.

Gehiago jakin edo izena emateko:

943 25 00 98 edo lanpoltsa@uggasa.eus