UGGASA, IRUDI ETA WEBGUNE BERRIA

Bere izaerari uko egin gabe, 2020a hastearekin batera, eta hamarkada aldaketa baliatuz, UGGASAk bere irudi korporatiboa eta webgunea berritu ditu. Aldaketaren erabakia ikusgarritasuna areagotzeko burutzen ari den komunikazio estrategiaren barnean kokatzen da.

Helburua, diseinua eta estiloa UGGASAk igorri nahi duen mezura egokitzea izan da.

UGGASA, garapen sozial eta ekonomikoa sustatzeko asmoz Urola Garaia eskualdearen zerbitzura dagoen agentzia da. Eskualdeko beharrak asetzeko bideratuta dagoen jardun sozio ekonomikoa sendotzea bilatzen du.

Horretarako eskualdeko enpresarien, ekintzaileen eta langabetuen alboan BIDELAGUN izatea da xedea, euren eskura tresna eta baliabide egokiak jarriz. Bidelagun adeitsua, garbia, gertukoa eta praktikoa.

IRUDI KORPORATIBOA

UGGASAk bere irudia gaurkotu eta modernizatu egin du garai berrietara moldatuz. Zurruntasunetik aldenduta, leundu ere egin du.

Imagotipoa, aurrekoa bezala, siglez osasuta dago, baina oraingoak tipografia, borobilagoa dauka, leunagoa. Urdina izaten jarraitzen du baina koloreak ere argitu egin dira.

Irudi berriaren esloganak oraingoan ekintza bat irudikatzen du, jardunean dagoenaren seinale. Bizirik, etengabe ekinean. Garatzen.

Bigarren imagotipo bat ere sortu du, imagotipo nagusiak integratuta daukana eta bere aldetik ere erabiliko dena. Gainean bi gezi, diagonalean, mugimenduan, dauzkan G-a. Garapenaren ikurra da.

WEBGUNEA

Irudi korporatiboarekin gertatzen den bezalaxe, diseinuak eta irudiek izaera adeitsua, garbia, gertukoa eta praktikoa eman diote webguneari. UGGASA markak dituen ezaugariak baitira.

Edukiaren antolaketa berritu egin da eta gardentasunari garrantzia berezia eman zaio.

Argia eta garbia da. Atal nagusietako testuak laburrak dira. Beharrezko informazioa dago soilik. Informazioa bere neurrian zabaltzen doa, ataletan aurrera egin ahala. Sakonago irakurri nahi duen hori bakarrik iritsiko da testu zabalagoetara.

Web orrira egiten den lehenengo hurbilketan, nabigazioa arina eta erraza da. Erabilgarritasunari garrantzia eman zaio.