UGGASAk UROLA GARAIKO EKINTZAILETZAREN EUSKARRIA IZAN NAHI DU

Abian da Urola Garaiko Ekintzailetzari ikusgarritasuna eta balioa emateko, UGGASAk bideratutako kanpaina. Eskualdeko zenbait ekintzailerekin batera osatutako lanketak, eskualdeko ekintzailetza ezagutzeko aukera emango digu.

Zazpi astetan zehar 20 ekintzailek euren kezka, ardura eta ametsak konpartituko dituzte. Eredu ezberdinak ezagutzeko aukera emango du. Ekiteko arrazoi nahiz motibazio ezberdinak daudela ikusteko balioko du eta baita ekintzaletza tipologia aniztasuna dagoela ikusteko ere. Pertsonei edo eta enpresei zuzendutako ekintzailetza, ekintzailetza berritzailea (teknologikoa) edo eta soziala ezagutzeko aukera eskeiniko da.

UGGASAren Urola Garaia Sortzen zerbitzuak eraman du kanpainaren gidaritza.

UGGASAk Urola Garaia garatzeko bere konpromisoan, Urola Garaia SORTZEN zerbitzuarekin eskualdea ekintzailetzarako eskualde egoki eta apropos gisa posizionatu nahi du. Horretarako ekintzaile eta enpresariekin elkarlanean arituz, ekintzailetzarako ekosistema osasuntsua osatu nahi du.

Izan ere, UGGASAk, enpresa berrien sorrera sustatuz, gure eskualdearen beharrak asetzeko bideratuta dagoen jardun sozio ekonomikoa sendotzea bilatzen du.

Eta esan bezala, ekintzaileak oinarri hartuta. Urola Garaia SORTZENek ekintzailearekin dihardu lanean, programaren giltzarria dela uste baitu. Ekintzailea, eragiten duen hori da, gizarte ongizatea lortzeko garapen sozio ekonomikoa indartzen ari dena eta gizartearen eraldaketa prozesuaren parte aktiboa dena.

Hala, Urola Garaiko ekintzailetzari aitortza egiteko burutu du UGGASAk kanpaina, ikusgarritasuna ematea abiapuntu aproposa dela iritzita.