Garapen Jasangarria

Erramua (Ereinotza)

Erramua/Ereinotza (Laurus nobilis L.)

Antzinako Grezian, arte eta jakinduriaren babesle Apolo jainkoaren tenplua, ereinotzez inguratua zegoen, eta jakintsu eta adituen buruak erramuz apaintzen zituzten. Erromak ereinotzez janzten zituen enperadoreen eta nobleen buruak, bataila baten osteko loria eta garaipenaren sinbolo gisa.

Diotenez, Tiberio erromatar enperadoreak ereinotz-koroa bat eramaten zuen beti eskura, trumoiak jotzen zuenean jartzeko, tximistak ezin baitzuen erramua ukitu.

Gure kulturan ere antzeko bertute bat leporatzen zitzaion, eta elizan erramu adarrak bedeinkatu ondoren, etxean gorde eta erre egiten ziren ekaitzak jotzen zuenean, tximistak gainera eror ez zitezen.

Mitologia alde batera utzita, ereinotza landare usaintsua da, eta haren hostoak, batez ere lehorrak, gisatu eta haragi erreen gozagarri gisa erabiltzen dira. Dituzten olio esentzialek, gainera, nolabaiteko ahalmen bakterizida dute, eta kimu samurrek zianuroaren aitzindari bat; beraz, ez da komeni gehiegi erabiltzea.

Landare hau martxo edo apiril aldera loratzen ikusiko duzu, eta udazkenean ale arrak eta emeak bereiziko dituzu azken hauen fruituak ikustean: oliba txiki baten tamainako baia berde bat, hasieran, beltz morea bihurtzen joango dena.