Garapen Jasangarria

Siberiako zumarra

Siberiako zumarra (Ulmus pumila L.)

Grafiosiarekiko erresistenteena den zumarraren aurrean aurkitzen zara. Gaixotasun honek Europako eta Ipar Amerikako zumardi gehienekin akabatu zuen. Inoiz zumar batekin topo egin baduzu, eta haren azalaren azpian linea nagusi bat ikusi baduzu, eta bertatik alboetara abiatuz beste marra finago batzuk, gaixotasun horrek jotako zuhaitza ikusi duzu. Ziur aski lehor egongo da edo ez zaio bizirik irauteko denbora asko geratuko.

“Grafiko” hori kakalardo baten lana da. Zuhaitzaren azaletik sartu eta azpian utziko dituen arrautzetatik jaioko diren larbek egingo dute. Arazoa da onddo baten esporak izaten dituela itsatsita gorputzean, eta zuhaitzaren barruan dagoenean, izerdia banatzen duten hodiak itxi egiten dituela. Ondorioz, hostoak lehortu egiten dira eta zuhaitza ahuldu eta hil egiten da.

Siberiako zumarrak nahiko ondo eusten die onddo honen erasoei. Horregatik, eta batez ere joan den mendeko 70eko hamarkadan gertatutako pandemiaren ondoren, apaintzeko zuhaitz gisa, zumar hostotxikia (Ulmus minor) eta zumar hostozabala (Ulmus glabra) ordezkatu zituen herri eta hirietan.

Geroago sortutako arazo bat hau izan da: ipurditik berriz ernetzeko gaitasun handiak eta haziak ernetzeko erraztasunak espezie hau inbaditzaile bihurtu dute, eta sarritan hondakindegietan,
heskaietan, pitzaduretan eta estoldetan ere agertzen dira.